BENVIDO, GALDER!

2010.09.24 /25 (Santiago Konpostelakoa eta A Koruña)

Bai horixe… barealdiaren ondoren, ekaitzaldia hemen da. Iritsi da halakoan BERRI TXARRAK-en aro berriari ekiteko eguna, non eta Galizian. Galderrekin emango dugun lehendabiziko kontzertua izango baita gaurkoa. “G eguna” guretzako.

Umorea izan da nagusi bidaia luzean zehar eta agian horregatik ez gara ohartu ia ordubeteko atzerapenez iritsi garela Santiagora. Hori gutxi balitz, aretoaren inguruko kale asko obratan daude (baina guk ez dugu ezer apurtu) eta hamaika buelta eman behar izan ditugu salara heldu orduko.

Barkamenak gure zain zeuden teknikari, arduradun eta antolatzaileei eta harira: di-da batean gauzak prestatu eta soinu froga azkarra egin dugu, Machina taldekoei lekua uzteko. Galiziako talde honek zeresana eman dezake, adi euren ibilbideari.

Eszenatoki atzeko backstage-ean enpanada mundial batzuk afaldu eta halakoan iritsi da taularatzeko ordua. Ohi baino urduriago, logikoa denez, introrik gabe irten gara jendaurrera, tranparik gabe, bere horretan. “Etorkizuneko Aurrekari Guztiak”, “Folklore” eta “Gure Dekadentziaren Onenean” etenik gabe jo ditugu hasteko. Inork ez dezala ahaztu “PAYOLA” lana ari garela aurkezten.

Kontzertu ostean, Galder, Glez eta hirurok aske sentitu gara eta elkarri besarkada izerditsua eman diogu aldarri betean. Bai, abian gara berriro eta Galderrekin izandako sentsazioak oso-oso onak izan dira. Uste dut jendeak ere igarri duela hori eta biharko gogoz oheratu gara.

Santiagotik Koruñara ordubete eskaseko bidea dago. 6ak arte ez dugu soinu frogarik, beraz taxuz bazkaltzeko aukera daukagu. Arturok -gaur antolatzaile lanetan dabilen morroia- bertako jatetxe batera eraman gaitu eta tapeo galiziarrarekin bapo bazkaldu dugu. Indarrak batu behar ziren gauerako!

Le Club aretoa oso txikia da eta halakoetan gustura ibiltzen gara gu. 200 lagun ingururentzako kluba bete egin da hasi garenerako eta punk kontzertu latza izan dela esango nuke. Halako liberazio kolektibo bat, izerdia eta plazerra, pilatutako amorrua askatzea, dezibelioen abaroan. Aretoa geurea da diskoteka pijo bat bihurtu arteko minutuotan eta erruz disfrutatu dugu. Publiko artean baziren freak batzuk, aldiro eskuetan ¡TEMAZO! jartzen zuen pankarta bat altxatzen zutenak. Barreak ihes egin dit “temazo” bat abesten ari nintzela. Onnnna! Kamiseta bat musutruk hartzera gonbidatu ditugu mikrofonotik.

Emanaldi osteko besarkadak errepikatu ditugu eta atzoko sentsazioak hobetu. Lehenengo bi kontzertuek hala sonatu badute, etorkizunean oso ondo pasako dugu zuzenekoetan zein disko berria lantzen, bai horixe!

Hau ospatu beharra dago: trepetak hotelean utzi eta rocka jartzen duten taberna batean eman ditugu gauaren azken orduak, irribarrea ezpainetan.

Benvido Galder, ongietorri!

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>