EU | ES | CA | EN

‘BERBA ETA IRUDIA’ LIBURUAREN PRE-ORDERRA ZABALIK!

PRE ORDER NOW!!!
BERRI TXARRAK: ‘Berba eta irudia’
(Argazki-liburua, Durangoko Azokan salgai. Aurre-eskaria irekia!)
Argazkiak: Ibai Arrieta eta Eider Iturriaga
Testuak: Harkaitz Cano

I. Arrieta eta E. Iturriaga argazkilariak bidelagun izan ditugu Ikusi Arte Tour 2019 biran zehar, horren emaitza paperera ekarri eta liburu eder baten bidez partekatu nahi izan dugu orain.
Argazki guztiak 2019ko biran atereak izan dira, Gernikako Astran hasi eta Iruñeko Navarra Arena bitartean taldeak hiru kontinentetan eman dituen 60tik gorako emanaldietan (Europa, Asia eta Amerika). Tartean izan dira ‘Beude’ gaztetxe eta areto txikietako kontzertuak, Kobetamendiko hitzordu historikoa (non 20.000 zaletik gora elkartu baitziren) edota Japonia eta Estatu Batuetako birak.

Koloretan zein zuri-beltzean, ez dira falta zuzeneko argazki ikusgarriak, baina beharbada nahiago izan dugu eszenatokira igo aurreko eta bertatik jaitsi ondorengo ordu mortu horietan fokua (edo objektiboa) jarri.

Errepidea dago hemen, euforia eta nekea, musikariaren ofizioa barrutik ezagutzeko aukera, komunitatea eta bakardadea, kanporanzko zein barneranzko bidaia bisuala, argiak eta itzalak, BTXeko hiru kideak bai, baina baita euren lantaldearen ezinbesteko ekarpenarena ere.

Argazkiez gain (irudia), 300 orrialdetik gora izango dituen liburuak Harkaitz Cano idazlearen testuak dakartza (berba). Hainbat ataletan banatua, Harkaitzek musikagintzaz, sorkuntzaz, BTX-en letragintzaz, errepideaz, hipnosiaz, lebitazioaz, kontzertu aurreko zein ostekoen inguruan egindako hainbat hausnarketa eskaintzen dizkigu hemen, berezkoa duen estilo literarioan eskaini ere. ‘Berba eta irudia’ argazki-liburuak 2019ko abenduan ikusiko du argia, hots, Berri Txarrak-en etenaldi mugagabea hastearekin batera. Bedi dokumentu grafiko-literario hau bira ahaztezin baten oroigarri zintzoa.

PRE-ORDERRAREN INGURUKO OHARRAK:
Non egin aurre-eskaria? Berridendan: www.berritxarrak.net/berridenda
Lehendabiziko 100 aurre-eskariek BTX-en poltsa bat jasoko dute opari.
Pre-Orderrak abenduaren 9tik aurrera hasiko dira bidaltzen.
Horren aurretik lortzeko aukera bakarra Durangoko Azoka izango da, Berri Txarrak- Only In Dreams standean (Goienkale 56)
Liburuaren pre-orderrarekin batera Berridendako beste edozein produktu eros daiteke nahi izanez gero.

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net