EU | ES | CA | EN

#DDPBtour BIRA AMAIERA MADRILGO RIVIERAN (2017, Martxoak 3)

BERRI TXARRAK taldeak MADRILgo Riviera aretoan amaituko du #DDPBtour nazioarteko bira, 2017ko martxoaren 3an emango duen kontzertu bereziarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude http://tickets.berritxarrak.net helbidean (15/18 €).

Bi urte pasa dira ia Joy Eslava aretoan diskoaren aurkezpen kontzertuko sarrerak agortu zituztenetik (2015eko otsaila). Birak, baina, beste geldialdi gogoangarri bat izan zuen Madrilen, non eta Barclaycard Center-en, Refused eta Rise Againsten talde gonbidatu gisa (2015eko urria). Oraingoan, berriz, apustua berretsi eta urrats bat haratago eramatea erabaki du hirukoak, mundu erdia (Europa, USA, Hego Amerika…) zeharkatu duen biraren amaiera Riviera areto ezagunean ospatzeko.

‘Denbora da poligrafo bakarra’ bira zinez berezia izan da taldearen 20 urtetik gorako ibilbidean. Disko hirukoitza taldearen beraren Only In Dreams zigiluan plazaratu zen 2014 amaieran eta itzal handiko hiru ekoizleren esku hartzea izan zuen: Ross Robinson (At The Drive-In, The Cure, Slipknot), Ricky Falkner (Love Of Lesbian, Quique González) eta Bill Stevenson (Descendents, Rise Against). 20 kantu berriko lan poliedriko eta sailkaezina izan zen emaitza, zeinak MIN –Premios a la Música Independiente- sarietan Euskarazko Diskorik Onena jaso baitzuen iaz. Gerora hirukoak Estatuko Zuzenekorik Onenaren Fest saria ere erdietsi zuen, bira honen baitan emandako kontzertuengatik.

Rivierako kontzertuan bi talde gonbidatu izango dira: batetik The Secret Society –bost urteko isilunearen ondoren disko berria aurkeztuko dute- eta bestetik, oraindik konfirmatzeke dagoen beste talde bat. Kontzerturako sarrera fisikoen salmenta guneak aurreago jakinaraziko ditugu.

© 2014 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net