EU | ES | CA | EN

E S K E R R I K A S K O KOBETAMENDI

Garai batetik hona, talde batean aritzea ez da soilik musika egin eta zuzenean jotzea. Sareen bidez komunikatzea ezinbesteko bilakatu da, zalegoaren eta taldearen arteko distantzia laburtzeko xedez. Ez alperrik, dena zor diogu bestaldean dagoen jende horri.

Jarraitzen gaituzuenok dagoeneko ohartuko zineten: aste osoan ez dugu gure sareetara ezer igo. Ez da itzalaldi digital bat, ezpada igandean Kobetamendin bizitakoak eragindako blokeo emozional moduko bat. Oraindik han gertatutakoa ezin asimilatuta gabiltza. Han eta hemen entzun/irakurritakoari erreparatuta, ematen du zaila izango dela han bildu ginenon oroitzapen gozoa luzaroan itzaltzea. Lorratza utziko duen mugarri kolektibo bat izan zen Bilbokoa. Hitzik gabe utzi gaituen zerbait.

Horregatik, ez dakizunean jasotako maitasun hori guztia nola itzuli, leher eginda oheratu eta 20.000 lagunek zure kantuekin irri, negar, oihu, salto egin dutela gogoratzen duzunean… hobe da isilik geratzea.

Miresten duzun 15 artistak bat egiten dutenean BTX-en karabana ibiltari horrekin, zuzeneko musikaren miraria piztu eta kantuek amiñi bat altuago hegan egiten dutenean; zure lantaldeak harro sentiarazten zaituenean, mundu guztia begira dagoenean akatsik egon ez dadin egiten duten esfortzuagatik… halakoetan hobe da isilik geratzea. Jotzen ari zarela begirada xingle bat nahikoa denean, esanez bezala “merezi izan dik egindako lan eskergak, bai horixe!”.

Oholtzako sahietsera begiratu eta talde honengan lehendabiziko unetik sinetsi duen lagunak ikusterakoan -denbora den poligrafo erraldoi horrek arrazoiak banatu eta kendu baino askoz lehenago, dena ezereza zen une horietan, oro amets ero edo aieru zenean eta sabaiek kristal bikoitz zurrunezkoak ziruditenean-.

Bai, halakoetan hobe da isilik geratzea. Honelako gau bat posible egin duten guztiei berriz eskerrak emateko besterik ez ireki ahoa. Eta datorrela hurrengoa. Etorriko dira lasaiago egin beharreko iruzkinak eta hausnarketak.

Kase O-k esana da: ez dago gauzak ondo egitea baina promo hoberik. Ez dugu beste helbururik. Ahaldun gaitezen.

Ez dadila haria eten

(Argazkia: Gaizka Peñafiel)

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net