EU | ES | CA | EN

‘ESKUAK / UKABILAK’ BINILOZKO EDIZIO BEREZIA. BIDALI ZURE ESKUAREN IRUDIA!!

‘ESKUAK / UKABILAK’ diskoak 20 urte betetzen ditu aurten eta, iragarri bezala, BINILOZKO EDIZIO BEREZIA prestatzen gabiltza, 2021 amaieran Only In Dreams gure zigiluaren bitartez kaleratzeko asmoz.

Baina horretarako zuen laguntza behar dugu!! Bai Biktor Andueza diseinatzaileak bai guk, oso gogoan dugu ‘ESKUAK’ kantua abesterakoan sortzen zenuten une majikoa, denok eskuak altxatuta eta “arriskua txalotzeko” momentuan entzuten zen esku-zarta solemne hori.

Bada, biniloaren diseinuan une berezi hori jaso eta eskertu nahiko genizueke. Zuen eskuak / ukabilak behar ditugu, biniloaren barrualdea zuek bidalitako irudiz betetzeko, zeuek izateko edizio berezi honen parte garrantzitsuena, betirako.

Nola egin diskoaren diseinuan parte hartzeko? Oso erreza da:

-Egizu zure eskuaren edota ukabilaren argazki bat, marrazki bat edo nahi duzuna (ongi etorria irudimena!).

-Bidali emailez honako helbidera: eskuakLP@berritxarrak.net

-Baldintza tekniko hauek errespetatzea beharrezkoa da:

*Irudi karratua, JPG formatoan.

*Gutxieneko erresoluzioa: 2.000 x 2.000 pixel.

*Nahi duzun bezala bidali, baina jakin diskoan zuri-beltzean inprimatuko dela.

*Eskuak edo ukabilak onartuko dira bakarrik: ezin da beste elementurik agertu (aurpegiak, testuak, logoak…)

*Argazki edo ilustrazioak originala izan behar du eta guri emaila bidaltzeak esan nahi du espreski baimena ematen duzula ‘Eskuak/Ukabilak’-en binilozko edizioaren diseinuan eta hortik erator litezkeen medioetan erabil dezagun.

*Irudiarekin batera zuen izen-abizenak eta herria adieraztea eskertuko genizueke, nahiz eta hau hautazkoa den. Diskoan ez da izenik agertuko.

-Arestian aipatutako baldintzak betetzen dituzten irudiak erabiliko ditugu bakarrik.

-Irudiak bidaltzeko epea: Apirilaren 11 bitarte jasotzen ditugun eskuak eta ukabilak erabiliko ditugu. Beraz, hilabete osoa daukazue zuen irudiak bidaltzeko, animo eta ez ahaztu zuen lagunei ere abisatzea!

Botako al diguzue esku bat otoi?

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net