EU | ES | CA | EN

GORKA URBIZU (Ahotsa eta gitarrak)

DAVID GONZALEZ (Baxua)

GALDER IZAGIRRE (Bateria)

BERRI TXARRAK rock hirukoa Nafarroako Lekunberrin sortu zen 1994an. Ordutik zortzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, ale bakoitzean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiaz. Izaera honek zailduta, taldea gauza izan da bi hamarkadatan zehar bere entzulego zabala ezustean harrapatu eta eten gabe bide berriak irekitzeko, erosotasun artistikotik ihesi.

BERRI TXARRAK-ek mundu osoan jo du; besteak beste Europa eta Hegoamerikan bira osoak egin ditu Rise Against taldearekin batera, Deftones edo Sick Of It All taldeentzako atarikoak egin… musika jaialdi erraldoietan aritu (Hellfest -Frantzia-, Fuji Rock -Japonia-, South By Southwest -USA-, Canadian Music Fest -Kanada-, Wilwarin -Alemania-, Resurrection -Galiza-, Viña Rock, Sonorama Ribera -Espainia-, EHZ, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live -EH-… Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Asian barna egindako hainbat bira ahaztu gabe.

Musikari dagokionez, zaila da Berri Txarrak estilo bakar batean sailkatzea, jakinmin musikal ase ezin batek bultzatuta gauza izan baitira denboran zehar euren rocka modu harrigarrian aberasteko, edozein etiketa txiki utzi arte. Taldearen ezaugarri behinena da, halere, melodia gogoangarrietarako duten abilezia berezkoa, musika edozeren gainetik hunkitzea dela itsuki sinestuta. Ez alperrik, Gorka abeslariak urteak daramatza Weezer, Nirvana, Pedro The Lion edota Beatlesak berak aldarrikatzen. Ezin aipatu gabe utzi haren letrak, (ia) oro ezbaian jartzen duten bertsoek sarri irakurketa bat baino gehiago merezi baitute.

Beharbada horrexegatik, jarrera irekiko talde aktibo honek Steve Albini, Ross Robinson, Bill Stevenson edo Ed Rose-en mailako ekoizleekin lan egin ahal izan du. Agian horregatik euren diskoetan Tim McIlrath (Rise Against) edo Matt Sharp (The Rentals, Weezer) bezalako musikarien kolaborazioak topa ditzakezu. Ziurrenik horregatik lortuko zuten 2010eko ‘INTERNATIONAL MUSIC AWARDS’ (IMA) sarietan ‘Kantu Punk Onenari’ vox-pop saria, Espainiako disko-salmenta zerrenda ofizialean 6. postuan polizoi sartu zen disko bat galtzarbean (ordu arte euskara hutsean abesten zuen inork lortu ez zuena). Nork daki horregatik ote den azken hamarkadan Estatuko musika-aldizkari anitzetan ‘Urteko Diskorik Onena’ edota ‘Zuzenekorik Onena’-ren zerrendetan lehendabiziko postuetan egon izanaren arrazoia, besteak beste Mondosonoro, Rock Sound, Kerrang!, Ruta 66, Rockzone edo Entzun!-en.

© 2014 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net