EU | ES | CA | EN

EZ DADILA HARIA ETEN

Astebete. Zazpi egun eta zazpi gau joan dira Nafarroa Arenako gau magikotik. Eta halere, hein batean ez gara oraindik bertatik atera. Hemen izanik, han gara. Beharbada gure arima urratuaren zati bat bertan geratu zelako betiko katramilatuta; mende laurden, mila kontzertu eta ezin konta ahala kilometroren DNA ezabaezin bat balitz bezala. Hiri buruzagian behar zuen, non bestela.

Haria aipatzen dugu askotan. Kantuetan, tixertetan, zuen tatuajeetan. Ez dadila haria eten. Denborak –poligrafo erraldoi horrek- ahanztura geruzak jarriko ditu ezinbestean gure historiaren gainean. Baina talde honekin gertatutakoa ez dugu sekula ahaztuko. Ez baita izan musika eta hitzak/hizkuntza bakarrik. Kode propio bat sortu eta munduan zehar zabaldu dugu. Hari horrekin sare sendo bat ehundu. Sare horrek jende ezberdin asko batu duela sentitu dugu urteotan. Askok hartu duzue abaro bertan. Denon artean baina zuei esker izan da beti, zuengatik, zuentzat. Zeozer ikustezin horrek lotzen gaitu ordutik.
Eta zaila da esplikatzen guztia eman ondoren geratzen den sentimendu hori. Edo, besterik gabe, denbora behar dugu eta momentuotan ez gara kapaz.

Gezurra ari du eta fosilduta nahi gaituzte, horregatik egin behar zaie aurre inertzia eta algoritmoei. Fokopetik aldendu, atseden hartu, leihoak ireki eta egunerokotasunari zirriborro berriak lapurtzeko ordua da orain. Gauza berriekin bueltatzeko. Izan ere, ate bat ixteak beste batzuk irekitzea baitakar. Bien bitartean, zuen ezpainetan kantua izan nahi dut.

Eskerrik asko, zinez, eta ikusi arte.

pd: Zoriontsu izan, edo halako zeozer.

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net